COVID-19aren pandemiaren eragin soziala handia izaten ari da, baita bizitegi-bazterketa egoeran dauden eta etxerik ez duten pertsonengan ere, haien beharrak eta haien errealitateenganako gure erantzunak, ezagutza eta horietara hurbiltzeko modua eraldatuz.
Etxerik gabeko pertsonen arretaren eta etxegabetasunaren prebentzioaren esparru espezifikoan, euskal erakundeek, hirugarren sektore sozialarekin batera, lehendik dauden zerbitzuak beharrizan berrietara egokitu, larrialdiko baliabideak prestatu eta ohiz kanpoko programak abiarazi dituzte, 2018an onartutako Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia eraldatu dutenak.
Estrategia tresna bizia da eta, zentzu horretan, bere orientazioekin bat datozen ekimenak txertatu nahi ditu. Hau, intentsitate bereziarekin, krisi garaian ere egin da, erantzun berriak eta berehalakoak eskatzen dituen garai batean, hain zuzen.
Krisialdiak aukera-esparruak ere badira, eta larrialdiko baliabideek zein ohiz kanpoko programek – konfinamenduaren ondoren haietan harrera emandako pertsonei irteera bat eskaintzeko abian jarritakoek – pertsonengana gehiago hurbiltzeko eta haien errealitatea hurbiletik eta beste modu batean ezagutzeko aukera eman dute, bai eta gizarteratzeko akonpainamendua eta ibilbideak indartzeko ere. Modu honetan, konfinamenduan zehar etendako prozesuei berriro heldu dieten pertsonentzat aukera berriak sortzea ahalbidetu da. Ireki den aukera-leiho honek ibilbide bat izan dezake pandemiatik haratago, bertatik lezio partekatuak ateraz eta abian dauden ekimen batzuekin aurrera eginez, hauen estandarizazioa eta finkatzea baloratzeko helburua ere aintzat hartuta.
Estrategia honen indarraldia amaitzear dagoenean, eta pandemia hasi zenetik 15 hilabete bete direnean, Euskadiko Bizitegi-Bazterketari buruzko V. Jardunaldien helburua zera da: etxerik gabe edo bizitegi-bazterkerian dauden pertsonen errealitatean egoera soziosanitario berriak duen eraginari buruz hausnartzeko elkargune bat eskaintzea, bai eta Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiaren inpaktuari eta, datozen urteetara begira, beronen birbideratzeari buruz hausnartzeko ere.
Horretarako, formatu presentziala eta telematikoa konbinatzen dituen programa bat diseinatu da, 2014an Euskadin hasitako lan-ildoarekin jarraitzea bilatzen duena. Zehazki, etxerik gabeko pertsonen lehen zenbaketarekin eta bizitegi-bazterketari buruzko lehen jardunaldiekin hasi zen lan-ildoarekin. Oraingo honetan, hitzordua bikoitza izango da:
- Ekainaren 16an jendaurreko jardunaldi irekiak egingo dira, goizez, Bilboko Bizkaia Aretoan. Jardunaldia presentziala izango da, 150 lagunentzako edukiera mugatuarekin, eta streaming bidez ere emango da. Jardunaldian, alde batetik, 2020ko maiatzean –konfinamendu erdi-erdian– egindako etxerik gabeko pertsonen zenbaketaren datuak aurkeztuko dira. Bestetik, etxerik gabeko pertsonentzako politikak – pandemian zehar bultzatutakoak eta ondorengoak-- aztertu, COVID garaian ikasitako lezioei buruz eztabaidatu eta, "normaltasun berria"-ri begira, gizarte- eta bizitegi-bazterketaren aurkako esku-hartzeari buruzko erronka eta ikuspegiei buruz hausnartuko da.
- Ekainaren 18an, bestalde, zenbait tailer egingo dira, soilik birtualki (zoom plataformaren bitartez). Horietan, parte-hartzaileek, taldeka, pandemiak etxerik gabeko pertsonengan duen eraginari buruz eta hauen arreta hobetzeko aukerei buruz hausnartuko dute. Halaber, etxerik gabeko pertsonen arretan lankidetza instituzionalerako, publiko-sozialerako eta sozialerako dauden aukeren inguruan ere hausnartuko da, baita 2021etik aurrera garatuko den etxerik gabeko pertsonentzako estrategiak izan beharko dituen ezaugarriei buruz ere. Talde-lan hau Estrategiaren ebaluazio-prozesuaren parte da, eta bere eguneraketarako aurretik egingo den diagnostikorako lehen urratsa.
Jardunaldietan izena ematerako orduan, pertsona bakoitzak hurrengokoa adierazi beharko du: hilaren 16ko jardunaldian aurrez aurre edo online parte hartuko duen, hilaren 18ko tailerretan parte hartuko duen ala ez eta, baiezkoa izatekotan, zein tailerretan izango den parte-hartzea. Aurrez aurreko inskripzioari dagokionez, edukiera mugatua dela kontuan hartuta, erakunde edo udal bakoitzeko bi pertsonak bakarrik eman ahal izango dute izena.